Ez zuen bota udaltzaingoa, brigadilla edo garbitasun zerbitzu publikoak erabiltzeagatik zein izan den kostua. Baina, jarraian, alkateak erantsi zuen, asteburu honetan bere urteurrenaren jaialdirako ikastolak pabilioia erabiltzeagatik ordaindu beharko lituzkeen 2.460 euroak ere ordainduko dituela udalak. Zertara zetorren lekuz kanpoko konparaketa hori?
Bai, Durangon, herriko kultur, kirol, merkataritza edo hezkuntza eragileek ordaindu egin behar dute urtean zehar egun gehienetan hutsik dagoen pabilioi publikoa erabiltzeagatik. Are gehiago, udalak berak erabili nahi badu, ordaindu egin behar du. Beraz, durangarrok birritan ordaintzen dugu; lehenengo eta behin, pabilioia eraikitzeak kostatutako 7,5 milioi euroak, gehi eskatutako maileguaren interesak eta, horretaz gain, erabiltzeagatik ere, ordaindu egin behar. Orduan, arazoa ez da Ikastolari udalak ordaintzen diola pabilioiaren alokairua, baizik eta ea herriko eragile batek zergatik ordaindu behar duen leku publiko bat erabiltzeagatik. Gauzak horrela, guztiz lekuz kanpo dago MTV erakunde pribatuak antolatutako kontzertuengatik udalak ordaindutakoa eta Ikastolaren jaialdiagatik ordaindu beharrekoa konparatzea eta esaldi berean gastu biak sartzea. Ez dakit nondik datorkion gure alkate andereari Ikastolarekiko duen ezinikusi hori.
Tira, goazen garrantzitsuena azpimarratzera: Zorionak, Kurutziaga Ikastola, eta urte askotarako!