Espainiako gobernuak aste horretan iragarri zuen Saudi Arabiara ez zituela bonba gehiago salduko eta, horri erantzunez, gobernu arabiarrak ezagutzera eman zuen Cadizeko ontzioletan eraikitzen ari ziren ontziak ez zituela nahi. “Bakearen edo ogiaren artean aukeratzera behartzen banaute, ogia aukeratzen dut”, Cadizeko alkatearen esaldi zelebre horrek laburbiltzen du istorioaren bukaera, alegia, gaurkoz ogia. Eredu kapitalistak gure kontraesanen ispiluaren aurrean jartzen gintuen enegarrenez; kapitala ala pertsonak.
Gurera etorrita, astelehen honetan, Durangon arnasten dugun airearen kalitatea aldarrikatzen zuen manifara joan baino lehen, udal gobernuko kide batek aurpegiratu zidan: “zer eskatuko duzue ba, papelera eta fundizioak ixtea?” Momentuz, informazioa eta gardentasuna eskatzen ari gara. Hori bai, ziurrenik taberna edo kuadrilletako konbertsazioetan antzerako sasi argudioak entzungo zenituen. Soilik espero dut, astelehenean kalean geundenok eta arnasten dugun kiratsaz nazkatuta gaudenok honako hau argi edukitzea: agintariek kapitalaren edo osasunaren arteko aukeraketan jartzen bagaituzte, osasuna kapitalaren gainetik dagoela, gaurko ogiak sekulako gosetea ekar dezakeelako bihar.