Tankeak Alde Zaharrean

06:30ak dira, Alde Zaharreko kale batean bizi zara eta gaur berriro ere zarata madarikatu horrek esnatu zaitu. Zure etxe azpian tanke bat dagoela ematen du, baina ez, Durangoko Udalak daukan kale garbiketarako enpresaren "barredora" bat da.

Zepiloak lurraren kontra jotzerakoan egiten duen zarata, makinaren motorrarena, pixkanaka zure burmuinean sartu dira. Burr, burr, burr horiek ezin dituzu atera burutik. Tira, pozik egon beharko zinateke, atzo gauerdirako lo baitzeunden, pintxo-pote eguna izan arren.

Ostirala da, beraz, eta Anbotoren twitter kanalera jo duzu azken albisteak irakurtzeko. Eta zer topatu duzu? Bai! Udaleko azken osoko bilkuran kale garbiketa eta hiri hondakinen bilketaren kontratua onartu dute. Segituan, galdera bat datorkizu burura: herritarrok deskantsurako daukagun beharra eta eskubidea, eta kaleak garbitzeko zerbitzu publikoa, biak uztartzeko kapazak izan dira udal ordezkariak?

Sentitzen dut zutabe honen bitartez albiste txarrak ematea Alde Zaharreko auzokide horri, baina aukera paregabea utzi dute pasatzen Durangoko PNVk, PSEk eta PPk arazo hori konpondu ahal izateko. Onartutako kontratu horretan ez da ordutegirik ezartzen, soinu kutsadura (zarata) gutxitzeko neurriak hartzea %1eko garrantzia izango du, alegia, hutsaren hurrengoa. Beraz, lasai asko kontratua irabazi dezake zarata ezabatzeko ezer ere egingo ez duen enpresa batek. Are gehiago, 06:30ean barik 05:00etan pasatu ahal dira tankeak zure etxe azpitik hemendik gutxira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!