Zer den Kirolene? Kirol arloko titulazioetarako eskola ofizial bakarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gero eta kirol titulazio gehiago eskaintzen duena eta 300 ikasle baino gehiago mugitzen dituena urtero.
Horregatik, hain zuzen, antolatu dute aipatutako emanaldi eta lehiaketa, euren jarduna ezagutzera emateko, durangarroi erakusteko harribitxi bat daukagula gure herrian bertan. Zerbitzu-herri aurreratua izan beharko luke Durangok eta Kirolene apustu sendoa izan daiteke herriaren etorkizunean.
Eta zer gertatzen da, bada, Kirolenerekin? Udalak, honetan ere, mailarik ematen ez duela. San Inazio auzuneko eraikin zahar batean jarraitzen du institutuak, ostrazismo krudelera kondenatuta. Kirol instalazioak erabiltzeko erraztasunak baino, oztopoak topatzen dituzte... zer izango da hurrengoa? Egiari zor - eskerrak-, San Agustineko emanaldiak eta lehiaketa antolatzeko, udalak ez du oztoporik jarri. Baina, egiari zor ere, gai honetan eta beste askotan benetako aldaketarik eta bultzadarik ez dugu espero udalean dauzkagun kudeatzaile hauekin. Herritarrak helburu? Ja! Kudeaketa balute, behintzat, helburu...