Gauza berdina etorri zaigu burura? Tren geltoki eta trenbide zaharreko lurzorua etorri zaizu? Ziurrenik bai...
Eta, horrela bada, zer egingo da Durango erdian dugun zelaigune handi horretan? Erantzuna gobernu taldeak (EAJ, PSE eta PP) emango digu: 17 bat solairuko 5 etxebizitza dorre, zuretzat eta niretzat izango ez diren luxuzko etxebizitzak, eliza bat, errepide bat... Berdegunerik? Berdegunerik ez, apenas. Eta, ez pentsa, ez dute erreparorik izango proiektua zelofan berdean sartu eta marketing hutsa egiteko. DuranGreen deituko al diote burugabekeriari?
Eta ze kostu dauka gurea omen zen lurzoru horretan ezer egiten hasteak? Bada, ezer egiten hasi aurretik, 4 milioi euro ordaindu dizkiogu Euskotreni, kudeaketa oker batengatik. 40.000 euro haur eta gazteen aisialdirako programa berrirako, 65.000 euro gazteei etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzetarako... eta 4 milioi euro gure herriko lurrak “gure” egiteagatik!
Alkateak eta bere gobernu kideek horrela erabaki dute. Zuri, niri, gainerako alderdi politikoei, herriko elkarteei, auzoetako elkarteei, herriko eragileei... horiei denei galdetu al digute ezer? Durangoren etorkizuna baldintzatuko duten proiektuez eztabaida egitea ukatzen digutenez, epaitegietara jotzeko aukera bakarrik geratu zaigu. Erabakiak bulego itxi batean hartzea ez da, ez, gure herrigintza eredua.