Zertarako? Beste garai batean diseinatu eta bulego itxi batean onartutako proiektu faraoniko bat egiteko. Ziurrenik, onartuta dagoen bezala sekula egingo ez dena, baina birpentsatu beharrean, dagoena zelan berrerabili daitekeen erabaki beharrean, eskabadorak sartu dituzte, eta gero gerokoak.
Baina orain Ezkurdin dauden makinak laster Montevideo kalera mugituko dituzte, eraikita eta gainera kasu honetan erabilita dagoen eraikin pribatu bat botatzeko. Gaztetxea hain zuzen ere. Horretarako, gaur bertan, Durangoko PNVk eta PSEk hitzarmen bat sinatu dute Jaurlaritzaren URA agentziarekin. Durangoko herriak 430.000€ inguru gastatuko ditu, pertsona pribatu batek (udalean oso ondo dakite nor den) eraiki zuen eraikin bat botatzeko. Bai, errekaren gainean dago, 1964. urtetik hain zuzen ere, ilegalki eraiki zenetik, garai hartako udalaren oniritziarekin. Geroztik hor egon da, eta orain, inoiz baino bizi gehiago daukanean, eraiki zutenei erantzukizunik eskatu barik, durangar guztiok bere eraispena ordainduko dugu. Argi daukat, ez nire diruarekin. Denbora gutxi daukagu, eta ikusi dugu tren geltokiarekin zer gertatu den. Hemen ere eskabadorak bertan egon arte itxarongo dugu?