Hala, igoera guztiz beharrezkoa dela esango nuke. Sinatu zenetik hona hainbat auzo berri eraiki dira Durangon. Era berean, garai hartan auzo batzuetan (San Fauston, adibidez) astean soilik bi aldiz garbitzea erabaki zen. Beraz, kontratu berrian auzo berriak garbitzeaz gain, auzo guztietan (azken finean, auzokide guztiek tasa berdinak ordaintzen dituzte) gutxienez 3 bider garbitzea ezarri beharko litzateke.
Horretaz gain, Europako araudia betetzeko, kontratu berrian hondakin guztiak atalka batzeko aukera ezarri behar da, alegia, zaborren atal organikoa ere, eta, horretarako, zaborrontzi berriak ezarri beharko dira. Eta, azkenik, guztiz zaharkituta dagoen makineria eta tresneria berriztu beharko litzateke eta, bide batez, egun batean bai eta hurrengoan ere arazoak ematen dituzten lurpeko zaborrontziak aldatu. Beraz, %2,5eko igoera babestea ez da kritikagarria, are gehiago, labur geratu garela esango nuke.
Kritikagarria dena da, tasa eta kontratuaren kudeaketa udal gobernuaren eskuetan uztea. Hots, kontratua iraungitzera eta gaur egungo egoera negargarrienera ekarri gaituen gobernuaren eskuetan uztea. Eta bai, hori kritikagarria izan daiteke, baina gobernua ez dugu guk aukeratu, gu erantzukizunez aritzen gara oposizioan ere.