Era berean, ikusten nuen hemendik oso urrun, Madrilen konkretuki, bulego itxietan erabakiak hartzen dutenen jarrera zuritzen ari ginela.
Tira, zalantza horiek guztiak alde batera uztea lortu nuen, eta berriro ere bihotzak burua gainditu zuen. Dena den, sorpresa heltzear zegoen… Igande goizean amaren deia jaso nuen: “Aizu Dani, non bozkatzen da Durangon?”. Harrituta nengoen, gure amak “politikaz” beti paso egin duelako. Baina ilusioz bozkatu zuen erabakitzeko eskubidearen alde. Nire amak uste zuen igandean bozkatzea sinbolikotik harago zihoala: botoa ematera doan beste aldi batzuetan baino garrantzi gehiago zuela igandekoak, alegia. Berarentzat, “herriari” parte-hartzeko emandako konfiantza dago guztiaren oinarrian, herritarrek zuzenean erabakietan parte hartzeko urratsa da. Berriro ere, ustekabean, amak beste lezio bat eman zidan.