Zapatuko zapatak lokaztuta

Joan zen zapatuan zapatak lokaztu zituzten 20 bat durangarrek. Aitzurra, palak eta bedarra mozteko tresnak eskuetan hartu eta Etxezarreta parke publikoko ateari kandadua kendu zioten, parkea atondu eta berriro herritarrei irekitzeko.

Zapatuko zapata lokaztuekin euripean lanean. Udal gobernuak (PNV/PSE), zapatak zikindu barik, udaltzaingoa bidali zuen hurrengo egunean berriro parkea ixteko.

Badaude egon alderdi batzuk ez direnak kaleko lokatzetan sartuko, lokatzekin kalean zikintzea herria egitea den arren. Aldiz, ederto zapaltzen dute udaletxeko bazter batzuetan dagoen lokatz beltz eta zikina, argazki eta prentsaurrekoetan lehenak heltzeko bada. Lokatza zapaldu, argazkietan ateratzeko, hori da eredua. PPko zinegotzia salatua izan da indarkeria matxistarengatik, eta hor udal gobernuak ez du nahi izan korrika egin eta hitzetatik ekintzetara pasatu. EH Bilduk akats eta errakuntzak ditu, bai, baina saiatzen gara praktikara eramaten esaten duguna.

Argi daukat Fran Garatek dimititu egin behar duela eta bera dela auzi honetan erantzule bakarra. Baina instituzioetatik gai honetan eredugarriak izateko kapazak ez bagara, matxismoaren diskurtsoa elikatzen eta bere hegemonia hauspotzen egongo gara. Zapatak lokaztu behar dira kalean, udaletxean eta toki guztietan; eta lanean lokaztu behar ditugu, ez argazkietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!