Tirita bat. Asteak ostrukarena egiten ibili ondoren, herritarren presioa dela medio, burua zulotik atera eta indioilarraren antzera paparra loditu eta, autokritika egin barik, bizikleta erabiltzaileentzat ikastaro bereziak proposatu zituen gobernuak.
22 zauritu eragin dituzten 19 harrapaketa izan dira Durangoko kaleetan 2016. urtean. 2017an 3 dira jada zaurituak. Datu gehiago behar da arazo bat daukagula ikusteko? Guretzat ez. Horregatik, herritarrei galdetzea erabaki genuen, alegia, oinezkoei galdetu zelan ikusten duten bide-segurtasuna gure herrian. Horrela, 260 galdetegi jaso ditugu. Jendeak zebra-bideen argiztapena, zebra-bideetan ikuspegia murrizten duten elementuen ezabatzea, gune batzuetan zebra-bide berriak jartzea eta abiadura murriztea proposatzen digu, besteak beste.
Kostu gutxi duten neurriak hartu beharko lirateke arazo horiek konpontzeko, baina, zoritxarrez, EH Bildutik proposatzen baditugu gobernuak ez ditu martxan jarriko, hori da euren ildo nagusia, EH Bilduri zer edo zer onartzeko trukean zer edo zer eskatu behar diegu. Beraz, aste honetan publikoak egin ditugu datu horiek, ea herritarrei kasu egiten dieten.