Lehengo egunean Herria tabernan elkartu ziren, ostiraleko pintxo potean. Andonik, lagun-taldera heldu bezain pronto, bota zuen: “Heldu zaizue OHZren agiria? Nirea 300€ izatetik 700€ izatera pasatu da, oraindik dardarka nago”. Josebak harrituta begiratu zion. “Ziur zaude? Niri 300€tik 270€ra jaitsi didate eta”, esan zuen.
Zuritoak gora eta zuritoak behera, Andoni etxera joan zen, bere etxeko OHZrekin gertatutakoa ulertu ezinik. Hurrengo egunean egunkari batean irakurri zuen jende asko zegoela bere egoera berean. Egunkari horretan gobernu taldearen bozeramaile bihurtu omen den alkateordeak esaten zuen diru-laguntzak egongo direla irizpide sozialak jarraituta. Baina Andonik ez du nahi diru-laguntzarik. Andonik nahi duena da jakitea zein izan den irizpidea bere etxearen eta Josebaren etxearen arteko ezberdintasuna justifikatzeko. Hain zaila da udaletxeko bunkerretik kalera irtetea eta azalpen ulergarri bat ematea herritarrei?