Inpunitatea

Erabiltzailearen aurpegia Dani Maeztu Perez (EH Bildu) 2016ko ira. 2a, 08:30

Bosgarren eraso sexista Durangon azken bi asteetan. Ez, ez da madarikazio bat, gure gizartean oso sustraituta dagoen hegemonia matxistaren beste ondorio bat baizik. Jakinik jatorria zein den, erraza izan beharko litzateke arazoa konpontzea, baina ez dugu nahi, beraz, zoritxarrez, mota honetako eraso gehiago emango dira.

Matxismoa gure gizartearen esparru guztietan ezarrita dago, partikularretik hasi eta, instituzioetan bukatu, bidean komunikabideek jokatzen duten papera ahaztu barik. Edozein kasutan, Instituzio publikoetatik zabaltzen diren mezuek garrantzi berezia dute, oihartzun handiagoa dutelako eta gizarte esparru zabaletara heltzen direlako, alegia, matxismoa borrokatzeko aitzindaria izan beharko litzatekeen esparrua, matxismoa zabaltzen liderra delako.

Atzo, osteguna, Durangon egondako kontzentrazioan sexu erasotzaile bati indultua eman zion alderdiaren ordezkariak eta indultua eskatu zuen alderdiaren ordezkariak ere egon ziren. Ordezkari horiek ez dute inongo erantzukizuna indultu horretan, eta ez dut zalantzan jartzen euren konpromisoa matxismoaren kontra. Baina Durangon faltan botatzen ditugu indultu horren inguruko argibideak: nortzuk? nola? Eta garrantzitsuena, zergatik? Behin hori jakinda, jarrera irmo bat, hori onartu dutenak alderditik kaleratzeko. Indultu horrekin erasotzaile sexistei helarazten zaien inpunitate mezua jasanezina delako matxismoaren kontrako borrokan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!