Udal legea

Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden administrazioa. Horregatik, hain zuzen ere, hainbat zerbitzu ematen dituzte. Baina, eurei dagokie zerbitzu horiek ematea? Orain arte ez da egon legerik eskumen esparru hori era zehatz batean ezarri duenik. Horren ondorioz, beste administrazio batzuek aldarrikatu ahal zuten eskumen hori edota, bikoiztasunak sortuz, zerbitzu berdinak eskaini. 

Testuinguru horretan, udalak bigarren mailako erakundeak ziren,  administrazio orokorraren eta aldundien azpitik. Eta noski, erabaki ahalmena eduki barik zerbitzuen finantziazioa erabakitzen den organoetan. Herritarrengandik hurbilenak, baina erabaki garrantzitsuetatik kanpo. 

Datorren hilabetean Gasteizko legebiltzarrean onartuko den tokiko erakundeen legearekin, udalei adin-nagusitasuna aitortuko zaie, eskumen esparru propio batekin, zuzenean edo amankomunean garatu ahal izango dituzten eskumenekin. Baliabide ekonomikoen banaketa egiterakoan ere ahotsa eta erabaki ahalmena izango dute. 

Horrekin konponduko dira udalek dituzten arazoak? Ziurrenik ez. Baina inork ez du zalantzan jarriko udalek ematen dituzten zerbitzuak. Beste erakunde batzuk ezin izango dira udalen eskumenak “zapaltzera” etorri, eta horrez gain, zerbitzu horiek finantziazio nahikoa izango dute.  Beraz, laster, herritarrei era eraginkor batean zerbitzuak eskaintzeko beste tresna baliagarri bat  edukiko dugu. 35 urteren ondoren, herriekin, herritarrekin pendiente geneukan zor bat kitatuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!