Kea saltzen

Klima aldaketaren aurkako borrokan erreferentzia hartzen dabil Durango. Horrela hasten zen aurreko astean astekari honek argitaratutako elkarrizketa bat. Klima aldaketari aurre egiteagatik sari bat jaso du Udalak. Askotan aipatzen da Durango gai honekin lotuta: EAEn klima aldaketaren inguruko ordenantza bat onartzen lehen Udala izan zen (2009ko urtarrilean osoko bilkurak onartua). Ordenantza horrek zeukan atal lotesle bakarra klima aldaketa borrokatzeko udal programa zen, ordenantza onartu eta 12 hilabetera egin behar zena.

12 hilabete pasa ziren, baita 38 ere, programa onartu baino lehen. Azkenean, 2012ko martxoan onartu zen, 2010-2015 klima aldaketa borrokatzeko udal programa. Ez naiz datekin nahastu, 2010. urtean hasi behar zen udal programa, 2012. urtean onartu zen. 2015. urtea heldu da, plan horren balorazioa egiteko unea. Udalak egindako ebaluazio txostenean, agindutako neurrien %60 bete dela esaten du. Oso balorazio baikorra da, neurri guztien ezarpen maila aztertuta, erdia ere ez baitira bere osotasunean bete, baina tira, hori nire iritzia da. Baina, nire iritziaz gain, badago datu objektibo bat: zein zen programa horretako neurri izarra, hain zuzen ere, energia berriztagarrietan inbertitzeko 600.000€. Planaren azken urtea bete denean, 600.000€ horietatik 0€ gastatu dira. Bai, sari bat emateko modukoa da, alegia. Tira, datu hauek guztiak, elkarrizketa horretan kazetariak eta elkarrizketatuak ez zituzten aipatzen. Pentsa gura dut, lehenak ez zekiela, eta bigarrenak ez zituela gogora ekarri. Edozein kasutan, klima aldaketaren borrokan ez da zuzena, Parisen egin duten bezala, kea saltzea, ezta ke hori hauspotzea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!