Bi argazki

Bi argazki ditut buruan. Bata, 2006. urtekoa, New Yorkeko MOMA museoan. Orduko Durangoko alkatea datorkit burura, eraikin modernista bat, eta bere alboan bost dorre erraldoi… Zer zen hori guztia? Durango omen zen, trena lurperatu ondoren ustez geratuko zen espazioa, eta hartuko omen zuen itxura: geltoki zaharra eta tailerrak bota, eta ETSren egoitza eta luxuzko etxebizitzak egiteko dorreak ziren.

Bigarren argazkia orain dela bi astekoa da, lehenengo argazkitik zortzi urte pasa diren honetakoa. Gaur egungo Durangoko alkatea agertzen da. Atzean tailer zaharrak agertzen dira, eta alboan makina-hondeatzaile bat.

Dirudienez, bere garaian saldutako proiektu megalomano hura, zortzi urte beranduago, tailer batzuen eraispen hutsean geratuko da. Momentuz. Momentuz diot, paperean behintzat, oraindik onartuta dagoelako adreiluaren mozkorraldian diseinatutako proiektu hura, eta batzuek ez dute betiko baztertu nahi. Adreiluaren burbuilaren garaietara itzuliko garela uste dute…

Zortzi urte pasa dira, baina komunean gauza bi dituzte argazki biek: batetik, alkate jeltzalea; bestetik, bai lehen eta bai orain, durangarroi ez digutela galdetuko zer egingo genukeen Durangoko etorkizuneko garapen urbanistikoa planifikatzeko orduan, hartu behar dugun erabaki garrantzitsuenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!