Kutxabankera joan zen. Bertan zituen aurrezki guztiak. Jaio zenean, gurasoek kontu bat zabaldu zioten herriko aurrezki kutxan. Baina bertan ez zioten mailegurik eman, herriko denda batean zeukan behin-behineko kontratua ez omen zelako nahikoa. Ezetza jaso zuzenean, amorruari ezin eutsi, eta zera bota zion langile bati: “30 urtean nire diruarekin etekinak atera dituzue, eta orain ez didazue nire bizitzako proiektu garrantzitsuena finantzatzen. Lapurrak!”.
Ezkurdi ondoko taberna batean sartu zen, eta kafe bat eskatu ondoren, egunkaria hartu zuen. Ezin sinetsi bertan irakurritako berria: “Udal gobernuak, Durangon, hamabi txalet eraikitzeko proiektuari bidea erraztu, eta oniritzia emateko prest dago”.
2.000 pertsona Etxebiden izena emanda daukan herrian, 1.500 etxebizitza hutsik dauden herrian, babes ofizialeko azken promozioa esleitu ezinean dagoen herrian, Durangon, alegia, hamabi txalet eraikiko dira EAJren legealdi beltz bati bukaera emateko. Burua altxatu, eta etorri zitzaiona bota zuen. Ez zarete makalak!
(Alicia ez dut ezagutzen... edo bai?)