Ez ninduen harritu goitik behera ustelduta dagoen eta gure artean residuala izatera kondenatuta dagoen Alderdi Popularraren diskurtsoak. Aipagarria da, ordea, PSEk, beste alderdi ustez ezkertiar batzuekin batera, defendatzen duen argudioa: gaur egungo egoera sozioekonomikoan herritarrek dituzten benetako arazoei irtenbidea eman behar diegula eta ez dugula eztabaida independentistetan murgildu behar. Independentzia, batez ere aldarrikapen identitarioa izatetik, beharrizan soziala izatera pasatu da. Izan ere, gaur egun, Estatuak erabakitzen du gure langileen lan-baldintzak zeintzuk izango diren, natur baliabideen inguruan erabakiak hartzen ditu, azpiegitura arloetan zeresan guztia du, politika energetikoa bere eskuetan dago. Harrigarria, baina denden ordutegia ere dekretu bidez inposatu dezake gure herrialdeetan. Beste hainbat arlo aipatu ahal izango nituzke, guztiak funtsezkoak garapen eredu justu eta orekatuagoa ezarri ahal izateko.
Autogobernuko estatus juridiko-politiko batetik erabateko burujabetza izatera pasatzeak ez du bermatzen eredu sozioekonomikoaren aldaketa; baina, behintzat, eraldaketa hori egin ahal izateko tresna guztiak gure eskuetan uzten ditu.