Burokratak

Ate-joka dugu ikasturte politiko berria, eta, horrekin batera, 2015eko udaberriko udal hauteskundeak. Ilusioz bizi dugu Durangok duen aukera berria, bi eredu politikoren artean aukeratzeko.

Bata, gaur egun agintean duguna, erakundeetako bulegoetako lubakietatik herriaren etorkizuna kudeatzen duena; eta, bestea, udal politika Herrigintza legez ulertzen duena, bilgune herritarra, zabala eta anitza, eta herritarrekin batera proiektu komuna diseinatuko duena.

35 urtez Durangon agintari burgesak eta klasistak izan ditugu. Erabakiak bulegoetako leihoetatik kalera begira hartu dira, baina kalean egon barik. Horien ereduaren adibiderik adierazgarrienetakoak honako hauek izan dira: hamar urtean alokairu bidezko etxebizitza publikoarentzat 0 euro bideratzea; azken sei urteotako obra publikoetan 10 milioiko gain kostuak babestu eta ontzat ematea; kultura produktu moduan kudeatzea; eta udal aurrekontuak parte-hartzerik gabe egitea, adibidez.

Ba, bada garaia krazia (boterea) demos-i (herriari) itzultzeko; alegia, EAJren burokrazia zaharkitua, herriak gidatutako demokraziarengatik aldatzeko. Ordezkari politikoak ez gara herrian gertatzen denetik aparte bizi garen sasijainkoak, EAJk horrela uste badu ere. Horregatik, udaletxea herritarrez betetzea da gure apustua aurtengo ikasturteko hauteskundeetan, eta euzkotarrek ordezkatzen duten eredu politikoa aldatzea. Finean, Durango ezkerrekoagoa, abertzaleagoa, euskaldunagoa, independentistagoa, ekologistagoa, feministagoa… egitea. Erdu erronkara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!