Tira, askotan esaten da lehendakaria herritar guztien lehendakari dela, baina horrek, esaldi borobila izateaz gain, ez dauka sinesgarritasun handirik; hain zuzen, ezinezkoa baita 2 milioi biztanleren ordezkaria egoera guztietan eta momentu guztietan izatea. Eta hor jakin egin behar da zein den ordezkatzen duzun herriaren gehiengoaren nahia.
Lehendakariak Espainiako erregearen koroatzean ez egoteko erabakitzeko eskubidea ere bazuen. Bertan egotea ez zen derrigortasun legal bat. Bertan egoteko erabakia hartu zuen. Zertarako? Auskalo! Beharbada, Espainiako herritarrek, banderaz josita, errepide ondoetan betetzen ez zituzten hutsuneak betetzeko.
Hilabete batean bi erabakiok hartu ditu lehendakariak. Ez dut uste erabaki horiekin Espainiatik at geure proiektua eraiki nahi dugun euskal herritarrok ordezkatu gaituenik. Gehiengoa gara? Ez gara? Argi daukat Madrilen Francok inposatutako erregearen semearen koroatzean egotea nahi zutenak baino askoz gehiago garela.