Era berean, ez da batere naturala 13 urteko kartzela zigorra ezartzea autobus bat erretzeagatik; are gutxiago, kondena bere osotasunean betetzeko hilabete gutxi batzuk geratzen direnean pertsona hori lehenengo graduan mantentzea, alegia, preso batentzako egoera gogorrenean.
Euskal preso politikoekin gertatzen ari dena Europa mailan ematen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa da. Urte askoan ehunka herritar bere ideologiarengatik mehatxatuak eta bizkartzainekin egon behar izana giza eskubideen urraketa zela salatu zuen euskal gizarteak, giza eskubideen aldarrikapenak pertsona guztientzako izan behar direlako. Aprobetxa ditzagun azken urtean herriz herri egondako olatuak, Bilbon tsunami bihurtu zirenak, egoera aldatzeko.
Giza eskubideen aldarrikapena ezin da sailkatu. Ezin da onen eta txarren artean ezberdintasunik egin, eta mendekuari zilegitasunik eman. Arkaitz Bellonen senitartekoak eta lagunek gaur egun pasatzen ari diren une latzak berriro ere inork pairatu ez ditzan, aski da, kalean eta erakundeetan aldarrikatzeko garaia da.