"Pertsonak asko axola zaizkigulako, pertsonei begira eta pertsonen beharrizanak betetzeko egiten dugu politika”. Hori da politikari askoren leitmotiv garaikidea.
“Pertsonak gure politikaren erdigunean kokatzen ditugu”, esaten digute erakundeak kudeatzen dituzten agintari askok. Eta lortu dute, kontzienteki, esaldi hori esanguraz hustea, ezinezkoa baita pertsona guztiei begira politika egitea.
Hori ikusita, bada garaia ezkerreko politikariek gauzak argi izateko eta esateko: lehendabizi pertsonak jartzen dituztela esaten duten agintariek tranpa egiten digute. Egia da pertsona jakinen alde lan egiten dutela; baina subjektua ezkutatzen digute. Norentzat gobernatzen du EAJk? Langile publikoen soldatak izozten baditu, Osakidetza gatazka egoeran jartzen badu, Cabacas auzian ez badu erantzulerik topatu nahi, ustelkeria kasuak disimulatzen baditu… Norentzat ari da politika egiten? Adibide batzuk baino ez dira, mingarriak guztiak. Hala ere, bada atentzioa eman didan beste adibide bat: 2014ko Jaurlaritzaren aurrekontuan, AHTari Garraio Sailaren aurrekontuaren %60 eman zaio (365 milioi); Euskotreni, metroari eta tranbiari, %36. Eskualdeetatik ibili behar diren langile, ikasle eta pentsiodunei begira hartu dute erabaki hori?
Bai, egia da, pertsonei begira gobernatzen dute. Baina pertsona horiek zenbait enpresatako administrazio kontseiluko kideak, edota alderdiko karneta duten enpresa jakinetako jabeak izaten dira.