Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen kolektiboen aldarrikapenek bidea egiten jarraitzen dute. Badirudi erritmo ezberdinak daramatzagula, ordea, Euskal Herrian edo beste herri batzuetan. Iparraldetik heldu zaigun azken albistearen arabera, esaterako, batzuk urrats batzuk atzerago dabiltzala ematen du; Estatu Batuetan, garrantzitsua izan da azken egunetan presidenteak ezkontza homosexualen alde egin duen adierazpena.
Erritmo ezberdinak, baina guztiak norabide batean: eskubideen errekonozimendua, gizarte osoaren onespena eta berdintasuna; sexu askapena onartzea azken finean. Ezin delako giza eskubideen aurka legerik egin, giza eskubideak ez direlako legeekin aldatu, baizik eta ahalbidetu. Giza eskubideetan atzera egiten saiatu izan dira, hain zuzen, historiako pasarte ezberdinetan gobernu totalitarista asko, baita, bere modura, eliza katolikoa ere.
Eta oztopo guztien gainetik, sexu askapenaren mugimenduak aurrera jarraitzen du, goraipatzea merezi duen lana egiten. Aldarrikapen horiek zilegitasun osoa dute. Alferrik da eskuin kontserbadoreak egiten duen saiakera, askatasun pertsonalaren errekonozimenduan atzera egiteko daukan joera, hemen, han eta mundu osoan.
Durangon ere merezi du egindako bidea eta lana errekonozitzea eta horrengatik zorionak ematea. Batzuek testigua pasatu dizuete beste batzuei, eta lanean jarraitu duzue. Kontzientziazio lan ederra egin duzue, guztion eskubideak direnen defentsan. Eskerrak eta aurrera bolie!