Euren miseria

Oraindik “shock” egoeran nago. Horrela nabil irakurri dudanetik Durangoko EAJk aurrekontuen inguruan, euren propaganda eginez, hedabideetan esan duena. Esan dute aurrekontuen aurkezpenean, “aurreztutako dirua”, 2013an bi proiektu garrantzitsuenak garatzeko erabiliko dutela, hau da, Urki-Hegoaldeko lotura eta San Faustoko zentro zibikoa

\"\"Oraindik “shock” egoeran nago. Horrela nabil irakurri dudanetik Durangoko EAJk aurrekontuen inguruan, euren propaganda eginez, hedabideetan esan duena. Esan dute aurrekontuen aurkezpenean, “aurreztutako dirua”, 2013an bi proiektu garrantzitsuenak garatzeko erabiliko dutela, hau da, Urki-Hegoaldeko lotura eta San Faustoko zentro zibikoa.

 

Harrigarria, benetan, saldu nahi digutena, alegia, azken urteetan egin duten kudeaketa negargarria kudeaketa eredugarritzat azaltzea. Errealitatea beste bat da. Durangoko EAJk azken urteotan burutu dituen obra guztiak hartuta, bataz besteko %30eko gainkostua ordaindu behar izan dugu gure poltsikotik. Horixe da euren kudeaketa eredugarria; gainkostuak ordaintzea. Eta harrigarriena da 2013an egin gura dituzten “proiektu garrantzitsuak” 2005ean eta 2007an ere aipatu zituztela lehentasun moduan.

 

Orain zergatik sinetsi behar dugu ematen diguten hitza? Argi eta garbi esan nahi dut, saldu nahi diguten kudeaketa onean ez dago horrelakorik; miseria banatzea da egin nahi dutena. Onartzen dut kalean jendeak esaten didana: ez da momentu ona ika-mika politikoetan aritzeko. Baina azaldu behar dut gure helburua ez dela epe motzera jokatzea.

 

Durangon eta Euskal Herrian salatu egin behar ditugu herritarrei ziria sartzeko egiten dizkiguten saiakera guztiak. Durangon eta Euskal Herrian badago alternatibarik erakundeak herriari bueltatzeko, ziria sartzeko saiakerarik egiten ez duten erakundeak eraikitzeko. Badako aukerarik miseria banatu ordez, pertsonei begira politika egiten duten erakundeak berreskuratzeko. Hain zuzen, helburua ez da aurtengo kudeaketari begira egotea, baizik eta hurrengo belaunaldiei utziko diegun Durango duina eta justuagoa izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!