Ajea

Adinean gora noala konturatu naiz biharamuneko ajeak luzeagoak egiten zaizkidala. Baita pasa berri ditugun hauteskundeen ondorengo ajea ere, oraindik, gogoetak egiten jarraitzen baitut. Zutabea erabiliko dut nire hausnarketa plazaratzeko, baina, lasai, ez dut hemen botorik eskatuko, hau ez baita lekua botoa eskatzen ibiltzeko

\"\"Adinean gora noala konturatu naiz biharamuneko ajeak luzeagoak egiten zaizkidala. Baita pasa berri ditugun hauteskundeen ondorengo ajea ere, oraindik, gogoetak egiten jarraitzen baitut. Zutabea erabiliko dut nire hausnarketa plazaratzeko, baina, lasai, ez dut hemen botorik eskatuko, hau ez baita lekua botoa eskatzen ibiltzeko.

 

Abertzale bezala, EAEn izango dugun Legebiltzarraren argazki berria gustatzen zait. 75 legebiltzarkidetik 48 (EAJren 27ak eta EH Bilduren 21ak) gara burujabetzaren aldekoak. Baina burujabetza politiko eta ekonomikoaren aldeko apustua garbia izan behar da. Atzerapausoa eta iruzurra izango litzateke Autonomia Estatutuaren konpetentziak garatzearen aldeko saiakera antzua egitea. Harago joan behar gara, Estatutua gainditzea da burujabetzaren aldeko apustu egokiena.

 

Ezkerzale bezala, sentsazio gazi-gozoa dut. Hauteskunde kanpainan bi eredu kontrajarri gura izan ditugu: EAJ, PSE eta PPk ordezkatzen duten betiko eredua; eta EH Bilduk eta beste zenbait alderdik aldarrikatu dugun aldaketa, fiskalitatean, azpiegitura erraldoietan, banku pribatuetan, osasun eta hezkuntzaren pribatizazioan, eta abar. Horiek guztiak berdin jarraitzearen aldekoek irabazi dute, alegia, politika egiteko modua aldatu gura ez dutenek edo garapen eredua aldatu gura ez dutenek. Baliteke autokritika guk geuk egin behar izatea, ziur baikaude gizarteak ez duela politika egiteko modu zaharretan sinesten.

 

Edozelan ere, urriaren 21etik aurrera, Eusko Legebiltzarrean bagara 21 legebiltzarkide beste eredu sozioekonomikoa eraikitzen hasteko. Uste dut kalean ere gogo hori ere ernatu dela eta gehiengo bihurtzen ari dela. EAJren ezkerretara badago esparru zabala, aniztasunean aberatsa, aldaketaren aldekoa. Hori lortzeko, ezkerreko esparruak behar du XXI mendeko ezker ekosozialista eraldatzailea antolatzea. Ongietorriak zuek!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!