Herritarra gero eta mesfidatiagoa da botere publikoak egiten duen politikarekiko. Zelatari gabiltza, badaezpada. Normala da jarrera hori, logikoa, anormala baita botere publikoak gehientsuenetan egoki jokatzea. Gogora datorkigun azken adibidea Jaurlaritzaren Atxarteko harrobiaren berreskuratze proiektuarena da.
Aralarrek azken hiru urteak eman ditu Industria sailari plan jakina eskatuz, EAEn abandonatuta dauden harrobiak berreskuratzeko plangintza egin dezan. Hori lortzeko, ekimen zehatzak onartu dira Legebiltzarrean Aralarren ekimenez eta gobernuaren ordezkariekin egindako bileretan ere berba politak entzun izan ditugu gure proposamenaren inguruan. Berba politak, bai, baina ez zintzoak.
Jaurlaritzak ezer gutxi egin du hiru urte hauetan utzitako harrobien inguruak berreskuratzeko. Eta EAEko ekonomiaren, kohesioaren, progresoaren eta atributu positibo guztien jainkoa etorri behar izan da Lakuakoei begiak zabaltzeko: AHTren obretatik ateratzen diren hondakinekin Atxarten utzitako zuloa betetzea bururatu zitzaion norbaiti. Hori ziria sartzea da herritarrei.
Jaurlaritzak ez du inguru hori herritarrentzako eta naturarentzako berreskuratu gura; ez du bere jarduera plangintza zehatz eta publikoarekin egin gura; ez dio, parke natural baten barruko jarduera horri, ingurumenaren inpaktuaren gaineko ebaluazioa pasatu gura. Ziria sartu nahi digu Jaurlaritzak, baina bagenuen susmoa, herritarra mesfidati eta zelatari dabilelako.
Jaun andreok, egin nahi duzuena, Atxarte berreskuratzea barik, Atxarten hondakinak aparkatzea da.