Durangoko EAJ autobideko kontrako erreitik doa furgoneta batean, udaletxeko zortzi zinegotziak barruan dituela. Aurreko lerroan doa alkate andrea, eskumako eserlekuan bolantea hartuta; eskuman baitago EAJren furgonetaren bolantea. Berak badu aurpegiera serioa, gidariak serio joan behar duelako, baina atzean doazen zinegotzi guztiei poztasun lañoa nabari zaie aurpegietan. Irribarretsu, autopistako kontrako erreitik aurrera, norabide zuzenean doazen auto guztiei keinuka. Hamaika auto gurutzatu dituzte eta oraindik ez dira konturatu norabide okerrean doazela. Aitzitik, errua beste autoek dutela komentatzen da furgoneta barruan.
EAJren udal kudeaketaren irudia da aurreko hori. EAJk udalbatzan dituen zinegotziak hartu eta herritarrik gabe herritarren izenean, kontrako norabidean joatera tematzen da, bolantea eskuinean duen furgonetan. Konturatzeko garaia du, ordea, oposizio guztiak lepoa eman diola egiten duen kudeaketa horri, eta oposizio guztiak elkarrekin herritar gehiago ordezkatzen dugula. Kabestruen antzera aurrera egiten dute, kontrako erreitik, herriarentzat atzera-egite nabarmena suposatzen duen politika eginez.
2006tik hona langabetu tasa hirukoiztu da gure herrian, batez ere zerbitzu arloan. Baina zerbitzu hiria den Durangoren kontuetan, 2006ko kontuekin alderatuta, ez duzue inongo aldaketarik sumatuko. Aurrekontu teknokratak dira soilik. Teknikariek euren lana ondo eginez urterik urte datu ekonomikoak aurkezten dituzte, baina irizpide politiko barik. Udaletxe honek ez baitauka gidaritza politikorik. Adibide ona inbertsioetan topa dezakegu, pasa den urtetik hona inbertsioen %27 garatu dira bakarrik, bertan, oraindik 2005 urtean jasotzen ziren inbertsioak egiteke egonik.
Horregatik, Aralarrek oposizioko beste alderdi guztiekin bilerak egingo ditu, euren lehentasunak jakite aldera. Guztion artean oposizio eraginkorra egiteko moduan gaude, minimoak adostuta, oposizio eraginkor horretara batu gura dutenak elkartuz. Gure iritziz, funtsean, udal taldearen kudeaketak kontuak koadratzeko duen obsesiotik harago joan behar du. Irizpide politikoak jarri behar dira jarduerak egiteko eta ez bakarrik irizpide ekonomikoak eta teknokratak.