Merkealdian Durangoko denden erdiak baino gehiagok gaztelerara jo du

Erabiltzailearen aurpegia

Beste behin, merkealdian euskara garesti egon da gure herrian.

Aurten ere Berbaron Durangoko erakusleihoak aztertu ditugu urtarrileko merkealdian, komertzio hauek merkealdia iragartzeko aukeratutako hizkuntza neurtzeko asmoz. Durangon komertzio gehien duten sei gune aztertu ditugu: Alde Zaharra, Montevideo eta Ezkurdi,  Ermodo kalea, Askatasun etorbidea, Fray Juan de Zumarraga kalea eta Landako ingurua.

Guztira 100 denda behatu ditugu eta hau izan da jasotako emaitza: 52 dendak gaztelera hutsean zeukaten merkealdia iragarrita, 36 dendak elebitan eta soilik 12k euskara hutsean.

Iazko datuekin alderatuz, gauza ez da asko aldatu: euskara hutsez dauden denden kopurua apur bat hazi da, baina baita gaztelera hutsean daudenena ere, %50eko zifra gaindituz.

Ikusten denez, euskararen egoera oso kaskarra da merkealdi sasoian gure herrian, eta bigarren mailako hizkuntza da. Egoerari buelta emateko sasoia dela uste dugu, eta honetarako Durangoko udalarekin eta Dendak Bai elkartearekin hartu-emanean neurri zehatzak hartzeko proposamena egin dugu, batez ere dendei euskaraz errotulatzeko baliabideak emateko.

Neurketaren txostena osorik eta informazio gehiago Berbaroren webgunean dago eskuragarri:
https://www.berbaro.eus/2020/02/05/merkealdian-durangoko-denden-erdiak-baino-gehiagok-gaztelerara-jo-du/



Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.