Geldiro iritsi da eta egun onak eman dizkigu euskaraz: egun on. Hitzordura gerturatzearren ere, eskerrak. Kazetarioi bereziki. Hain da garrantzitsua, ezen euskaraz egin duen. Buenosdiasak galtzear daude. Horrek arduratzen nau.
Seriotasunez hasi da hitz egiten. Serio, esaten dabilena munta handikoa baita. Gertatu denaren berri izan behar dute herritarrek. Horretarako deitu gaituzte. Berbaldia ez da laburra izaten ari. Jakina, guztia ganoraz azaldu behar da. Datuak gora eta behera. Hain da inportantea, non espainolez dabilen. Euskal Herriak aditu dezan, espainolez. Alkatea lasaiki, egun onak eta eskerrak euskaraz eman dizigu-eta. Gracias baina, nik buenosdiasak nahiago.
Espainol hutsean prentsaurrekoa jan. Amorratuta, informazio guzti-guztia jaso eta, erredakziora bueltatu gara haserre. Ezer gertatu ez balitz bezala. Herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko, beste behin, lana egin eta argitaratu botoia klikatu. Ezer gertatu ez balitz bezala. Baina, gertatu da. Izan ere, ez gara itzultzaileak ofizioz.
Ostera, zein da lan horri ematen zaion balioa? Jarri fokua bada, aurretik aipatutako guztiaren dimentsio politikoan. Ez al dugu egin beharko genukeen lana egin? Edo, egiten dugun lanari garrantzia emateari utzi diogu? Zintzo, ze balio du euskal kazetariek egiten duten lanak?
Euskal komunitateak argi utzi du kazetaritzarekiko duen konpromiso maila. Horrek lana ardura handikoa bihurtzen duelarik. Herritarrei dagokien mailan eman behar zaie informazioa. Dudarik gabe, informazio hori euskaraz izan behar da; bestela, ez da herriaren errealitatea ulertzerik egongo. Izan ere, euskara izan behar da giltza gertatzen dabilena kontatzetik gertatu beharko litzatekeenaz jabetzeko.
Askotan, kexu gara atzerriak egiten duen gure herriko informazioaren trataeraz. Hemendik hara begira irakurri behar dugu eta, horretan trebatu. Ez dugu Casalgordon gertatzen dabilenaren berri izango eta ez daukagu zertan justifikatu behar. Guri dagokigu Ilharren zuhaitz bat gainera erorita zendu berri den gizonaren berri ematea. Eta noski, informazioa euskaraz jasotzen dutenek horren berri izatea.
Bost axola Casalgordo non dagoen, kokatu dezagun Ilharre. Euskaraz informazioa egitea estrategikoa dela ulertu behar dugu. Hedabide nazionalak zergatik behar ditugun konprenitzeko. Baita, horiek gorpuzten dituzten tokikoak ere;hau ez da hedabide espainol batean irakurriko.
Hain da handia anbizioz jokatzeko daukagun tartea, ezen horri heldu behar baitiogu. Inork ez du gure etxea guk baino hobeto ezagutzen eta, hori,zintzotasunez azalduko dugu. Maila egon badagoelako. Atzerrian badakite eguneroko jardunean zer den egin behar dutena; saiatu ginen baina, mugak ez dituzte gugandik ikasi. Euskarazko kazetaritzatik esparrua eta erreferentziak sendotzea dagokigu.