30 kontu (XI) - "zinea eta euskara" - Ander Sagardoi Mujika

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2019ko abe. 1a, 12:08

SORGINAK eta ERREMENTARIAK; BRUJAS y HERREROS
 
“Zinea eta euskara jorratuko dituen testu bat idazteko prest?” Orain egun gutxi, Iruñean, Berri Txarrak-en azkenaurreko kontzertuaren atarian (kontzertu aurreko emozioagatik edo), bizkorregi onartu nuen lerro hauek idazteko gonbita.

Testua nola planteatu erabakitzen ari nintzela, buelta batzuk eman ostean, berehala gailendu zen galdera nagusia: Euskal Zineaz ala euskaraz egindako zineaz idatziko dut? Berdina da? Bata bestearen gainetik dago? Batak bestea barnebiltzen du? Mailaketa bat egin dezaket? Zilegia da?
Ez naiz definizio zurrunen lagun, eta, oraingoan ere, uste dut, berdin egingo dudala. Arte adierazpideek orokorrean, baina zineak bereziki, baditu mintzatzeko mila bide. Zaila da mugatzen zerk eman diezaiokeen euskal izaera arte honi. Hizkuntzak, istorioak berak, lekuak, garaiak, pertsonaiak, zuzendari edo gidoilariaren begiradak, musikak... zerrenda luzea da.
 
Hau horrela izanik, niretzat, Paul Urkijoren Errementari Euskal Zinea da, Alex de la Iglesiaren Las Brujas de Zugarramurdi den bezalaxe; Moriartikoen Handia Euskal Zinea da, La Trinchera Infinita den bezalaxe.
Atzo, Espainiako Zinegintzako Informatzaileen Elkarteak ematen dituen Feroz sarietan, Aritz Moreno (Ventajas de viajar en tren), Galder Gaztelu-Urrutia (El Hoyo), Moriartiko hirukotea (La trinchera infinita) eta Jon Mikel Caballero (El increíble finde menguante) nominatuta egoteak berebiziko poza eman zidan. “Gora Euskal Zinea!” txiokatu zuen batek baino gehiagok, eta nik ere topa egiten dut.
 
Baina, badaukat barne-ahots bat esaten didana “euskaraz izango balira, gehiago poztuko zinateke”. Ba baliteke. Hain justu, kontraesan hori da plazaratu beharrekoa, nire ustez. Ez dira kontrajarriak Euskal Zinearen zabaltasuna defendatzea, eta zinea euskaraz egitearen aldeko aldarria. Eta ez bakarrik, istorioak istorio, batzuetan hautu natural edo organikoena litzatekeelako euskaraz egitea, baizik eta, besterik gabe, sinesten dudalako hizkuntzak baduela beste edozein elementuk eman diezaiokeen euskal izaera hori baino zerbait askoz ere sakonagoa eta indartsuagoa. Bereizketa bat egin beharra dago hizkuntzaren botere hau aldarrikatzeko, babesteko, eta indartzeko.
 
Aurrekoaren harira, Ximun Fuchs antzerkigilea, euskaraz egindako obra bat atzerrian saltzearen eta aurkeztearen zailtasunaz mintzatu d.. Zaldi Urdina antzezlana aitzakia moduan harturik, BERRIAn berriki emandako elkarrizketa honetan egindako gogoetarekin geratzen naiz: “Imajinatu dut antzerkilari aleman ospetsu bat, bere obra gelditzen, eta esplikatzen zertarako alemanez ari den, eta zein inportantea den antzeztea Brecht alemanez. Ez luke zentzurik, oso argia delako. Edo publikoa barrez lehertuko zen. Euskaraz egiten dut mintzatzeko. Hau bezain sinplea da. Euskaraz, Intxaurrondo ez baita zuhaitz bat soilik. Ez. Mamu bat da. Tortura eta heroina zabaldu zuen mamu bat. Halloweeneko mamu guztiak baino beldurgarriagoa. Baina nola azaldu hori euskara ez den hizkuntza batean? Nola azaldu ehunka gorputz txikituak, milaka familia suntsituak, hitz bakar batekin? Euskarak, minaren intxaurrak bihotzean ditu, erroturik.”.
 
Egia da, Zaldi Urdina-ren kasuan, duen tematikarengatik, hurbiltasunagatik etab. oso “logikoa” dela mintzaera zehatz baten aldeko aldarria. Euskara da hautu naturalena, organikoena, errealena, baina baita duinena ere. Baina, hau horrela izanik, eta berretsiz Euskal Zinea, kontzeptu moduan, aterpe zabal eta aberats bat dela, galdetzen diot nire buruari Intxaurrondo bezalako hitzak/istorioak galtzen ariko ez garen, salbuespen “logika” honen izenean. Eta, galdu diodanean, istorio desberdin bat jasotzeaz nabil. Ze, niretzat, zinean, eta edozein tokitan, mamá eta ama-k, ez didate gauza bera esaten. Lurra eta tierra-k esaten ez didan moduan. Sorgina eta Errementaria, brujas eta herrero-ren parekoak ez diren bezalaxe.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!