Orain dela 30 urte sortu zen Berbaro. 1989. urtea zen, Berlineko harresia ireki zuten urtea. Urte horretan, Durangoko ikastetxeetan hizkuntzari dagokionez hiru eredutan ikasteko aukera zegoen: A eredua, erdara hutsean irakatsi eta euskara ikasgai moduan zuen aukera; B eredua, ikasgai batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz irakasten zituen aukera eta azkenik D eredua, ikasgai guztiak euskaraz eta gaztelania ikasgai bat zuen aukera.
Urte horretan hezkuntza sailaren buru zen Fernando Buesak, Euskal Eskola Publikoaren legea ateratzeko lanak hasi zituen eta 1993an argitaratu zuen. Lege honek ikastolei sare publikora pasatzeko aukera ematen zien.
Urte horretatik aurrera bitan banatu ziren gure herriko ikastetxeak: itunpeko ikastetxeak, diru publikoa jaso baina jabetze pribatua dutenak eta ikastetxe publikoak, diru zein izaera publikoa duten ikastetxeak.
Urte horietan gaur egun daukagun hezkuntza ondo errotu zen. Ikastetxea aukeratzeko orduan arrazoi ekonomikoak erabateko pisua hartu zuen. Eta ikastetxe bakoitzak bere errealitate propioa izatea ekarri zuen herri mailan.
Euskarari dagokionez herriko ikastetxe guztiek euskara hutsean irakasteko apustua egin zuten eta gaur egun D eredua soilik dugu Durangon. Beraz, esan dezakegu euskarak derrigorrezko hezkuntzan duen presentzia % 100a dela.
Durangoko gizartea ere asko aldatu da azkeneko hiru hamarkada hauetan. Munduko bazter guztietatik etorritako familia euskaldunak ditugu, askok beraien hizkuntza gutxituak, jatorrizko herrialdeko hizkuntza ofiziala edo ofizialak dakizkite, euskaraz gain.
Baina, zer gertatzen da Durangarren % 53ak euskaraz egiteko gaitasuna izan arren, % 22,7k soilik erabiltzen dutenean? Zer egin dezakegu eta nola, euskara kaleko esparru guztietara heltzeko? Euskararen zabalkuntza eta normalizaziorako egiten diren ekintzak norbanakoagoak izan beharko lukete, bakoitzari behar duena emanez?
Gaur egun ez dago harresirik Berlinen...
*30 kontu iritzien atala Berbaroren 30.urteurrenean sortu dugu: hilero, hilaren 30erako, durangar bati euskara eta gizarteko esparru baten inguruko hausnarketa eskatuko diogu.