Berbarok 30 urte

30 kontu (V). 'Euskara ikasteko garrantzitsua da inguratzen zaituen jendea' - Rachel Gonzalez Reñones

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2019ko mai. 30a, 17:19

“Kontuz ibili zaitez esaten duzunarekin, oso mihi luzea duzu eta”. “Hain ondo jan, edan eta  pasatuko duzu, ez zarela itzuliko”. Hauek izan ziren amak eta aitak, hurrenez hurren, egin zizkidaten iruzkinak esan nienean  Euskal Herrira bizitzera nentorrela. Zorionez edo zoritxarrez, bigarrenak arrazoi zuen; beraz, duela hamabi urte maitasunagatik ona heldu nintzen abuztuan.

Hizkuntza irakaslea naizenez gero, badakit zelako garrantzia duten, horregaitik bi hilabete beranduago AEKn matrikulatuta nengoen. Astelehenetik ostegunera eta lau ordu egunero egon eta gero, laster emaitza igarri nuen. Euskaltegi horretan hainbeste ikasi nuen, praktikatu gabe sei urte eman nituela eta hala ere maila bera mantendu nuela. Gustatu ez zitzaidan gauza bakarra izan zen lan egiteko testuak oso politizatuta zeudela.

Atzerrian bizi izan ondoren, nire ametsetako lanagatik itzuli nintzen. Tamalez, aisialdirako ia ez nuen denborarik, eta euskara ikasteari berriz ekin nion HABEn, tutore pertsonal baten laguntzaz, denbora murritzari etekina ateratzeko. Une horretan, inguratzen zaituen jendeak zer nolako garrantzia duen konturatu nintzen, klasea ez zen nahikoa. Bikotearekin komunikazio azkarrena eta eraginkorrena bilatzen dugu, orduan, nahiz eta bera hemengoa izan, nire ikasketa etxean ere ez zen aurrera joaten.

Egun batean lagun bila ateratzea erabaki nuen. Parranda dagoen kalean ibili nintzen goitik behera eta, nire irizpidez, musika hobea zuen tabernan sartu nintzen. Horrela, nire lehen   lagun euskaldunak ezagutu nituen. Haiek beraien kuadrillak aurkeztu zizkidaten; hortaz, nire bizitza soziala aberasten joan zen. Haiei esker, Hizkuntza Eskolan hasi nintzen. Esan nuenean han errespetuagatik nengoela, eta ez titulu bat lortzeko, baietsi zuen jendea egon zen eta beste jende batek zoratuta egongo banintz bezala begiratu ninduen.

Orain arazoa ez da soilik sintaxi konplexuko hizkuntza batean hitz egitea, baizik eta euskalkiak bereiztea. Gainera, inork ez darabil batua kalean, eta euskara gehien bertan ikasten dut, irakasle ari naizen eskolan baino gehiago. Honi guztiari gehitzen badiogu nire lagun onenak kostaldekoak direla, nire hasierako itzulpen literalak eta erderakadak, hala nola “ez zorabiatu eperra” eta ”kondoloa” ukondoa esan beharrean, txantxa anekdotikoetan bihurtu dira.

Milioi bat dolar balio duen galdera hau da: zergatik frogatu behar da ama-hizkuntza menperatzen dela hemen, eta hori frogatzea ez da beharrezkoa penintsulako beste lekuetan? Horrek oposaketak egiterako orduan gure arteko tentsioak sortzen ditu, baita ere ongizatean  eta helburu amankomunen alde bateratuta borrokatzeari ere eragiten dio.


*30 kontu iritzien atala Berbaroren 30.urteurrenean sortu dugu: hilero, hilaren 30erako, durangar bati euskara eta gizarteko esparru baten inguruko hausnarketa eskatuko diogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!