Berbarok 30 urte

30 kontu (IV). 'Lehenengo berbie euskeraz!' - Marije Orobiourrutia Legorburu

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2019ko api. 30a, 11:43

Lan munduak euskeragaz daukan loturaren inguruan berba batzuk idazteko eskatu deuste.

Hasteko, esan behar dot nik fabrika baten egiten dodala behar, muntaketa-kate baten langilea nazela, eta hiru lankideen artean egiten doguzala autoentzako piezak. Askotan, lankide aldaketa ugari egoteak pertsona barriak ezagutzea dakar, danok desberdinak, izaera eta baita pentsaera aldetik be. Ni euskalduna naz eta horrela adierazten deutset lankideei, gura barik edo pentsatu barik euskera nire egunerokotasunean ezinbestekoa eta funtsezkoa dalako.

Nire lankide barria Cadizekoa da eta bere hizkera aldatzen doala konturatu naz, nire esaldiak kopiatzen dauz eta.

Jardunean hogei minutuko deskantsua daukagu eta, joaterakoan, “neskak goazen!” esaten deutset, eta berak Andaluziako bere azentuaz bardin errepikatzen dau. Oso barregarria da eta polita, aldi berean, holako berba edo esaldi laburrak bereak egiten dabezala ikustea. Beste adibide argi bat; zelan dagoan galdetzen deutsadanean, oso ondo erantzuten deust, muy bien barik.

Hala eta guztiz be, leku guztietan lez, danetik dagoala esan behar dot; bai nire lankide jator hau, astiro-astiro gure herrian integratu gura dauena, gure hizkuntzari daukan garrantzia emonda, baita beste batzuk be, egun on esan eta buenos dias batekin erantzuten dabenak. Pentsetan dot Cadizeko nire lankidearen moduko asko eta asko dagozala eta eurei laguntzeko prest egon behar garala.

Lekeitiora familia bisitatzen joan nintzen baten, orain dala urte asko, taberna baten sartu eta honako hau leidu neban horman: “lehenengo berbie euskeraz” hainbeste gustatu jatan, ze niretzat lapurtu neban esaldi hori, eta fabrikan, lankideekaz zein nire bizitzan orokorrean esaldi hori defendatzen eta transmitiduten ahalegintzen naz…. LEHENENGO BERBIE EUSKERAZ!


*30 kontu iritzien atala Berbaroren 30.urteurrenean sortu dugu: hilero, hilaren 30erako, durangar bati euskara eta gizarteko esparru baten inguruko hausnarketa eskatuko diogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!