Gure belarriek ez dute batuketarik egiten, baina bazuten horrelako datuen susmoa izaten dute. Klusterreko datuen arabera, 1989tik 2006ra gorantz egin zuen euskararen erabilerak, eta orduantxe hasi zuen beherako bidea; azken hamar urteotan %13,7tik %12,6ra jaitsi dira euskaraz kalean egindako elkarrizketak.
Argazkia ezaguna da: ezagutzak gora egin duen arren, erabilera beheraka doa. Eta jakintsu hark esan zuenez, gauza berdinak egiten jarraitzen badugu, emaitza berdinak izaten jarraituko dugu. Ezin diogu jendeari euskaraz ikasteko eskatu, gero euskaraz bizitzeko aukerarik eta espaziorik sortzen ez badugu; ezin zaie eskola-umeei euskaraz egiteko exijitu, eskolaz kanpoko mundua erdararena bada. Euskara ez dadila titulu bat edo lanpostu bat lortzeko izan; izan dadila gozatzeko, lan egiteko, kirola egiteko, lagunekin haserretzeko, udalean obra bat egiteko baimena eskatzeko, bizitzeko.
Euskaraz bizitzeko aukera masiboak sortu behar ditugu.
Aukerak sortu behar ditu Administrazioak, gu guztiongana heltzeko baliabideak dituelako; egin zuten duela urte batzuk D eredua ezarrita, orain ikasitakoa bizitzeko baldintzak sortu behar dira, modu masiboan.
Aukerak sortu behar ditugu herri eragileok; herriari bizitza ematen gabiltzalako eta lan hori euskaraz ere egin dezakegulako.
Aukerak sortu behar ditugu durangarrok; gure herrian uste baino leku gehiagotan uler gaitzaketelako euskaraz, eta lehen hitzaren ostean gehiago etor daitezkeelako.
Aukerak sortu behar ditugu guk, zuk eta biok; gure arteko harremana ere ederra izan daitekeelako euskaraz, eta ingurukoak kutsatzeko gaitasuna izan dezakegulako.