Sasoi batean, Durangoko dendari eta tabernari gehienak euskaldunak zirela entzun izan dugu noiz edo noiz; edota, euskaldunak izan ez arren, negozioa egiteko beharrezko berbak ikasi eta euskaraz moldatzen zirela.
Gaur egun, ostera, gure herrian euskara ez omen da salerosketarako ohiko hizkuntza, durangarren jakintza-datuak handiak izan arren. Dendariek eta tabernariek ez ei dute euskara erabiltzen, bezeroek ez dakitelakoan; eta, era berean, bezeroak ez dira merkatariengana euskaraz zuzentzen, ulertuko ez dietelakoan. Azken finean, aitzakien jokoa da, eta gurpil zoroa.
Arazo hori konpontzeko, ITG taldeak kanpaina bat abiatu zuen 2012an: “Salerosketak be, euskeraz”. Hasierako helburua durangarrok erosketak euskaraz egitera animatzea zen, eta horretarako, urtebetez, bi hilean behin, iPad bat zozkatuko zuten euskaraz erosten zuten guztien artean. Azkenean, kanpaina luzatu eta dagoeneko 15 sari eman dituzte.
Alabaina, kanpainaren eraginkortasuna zalantzagarria da, Marisa Barrenak Durangon atariko bere artikuluan iradoki duenez. Izan ere, inoiz euskararik egiten ez duten komertzioetako arduradunak ere agertu izan dira saria banatzeko argazkian. Horren ildotik, guztiz bat gatoz Barrenarekin, eta guri ere, tristura sortzen digu horrek. Tristura eta ezinegona.
Bere garaian, Berbaro elkarteak kanpaina hori babestu zuen, euskara sustatzeko egitasmoa zela ikusita. Gaur egun ere, muinean, kanpaina interesgarria dela iruditzen zaigu, eta ITG taldeak ere lan handia egiten du, Durangoko Udalak lagunduta. Baina, aitor dezagun: kanpaina lorrintzen hasi da, eskurik esku erabili eta gehiegi ukitu den frutaren tankeran.
Beharbada, kanpainari atxikitzeko baldintzak zorrotzagoak izan beharko lirateke. Eta, gainera, merkatariek barneratu egin beharko lukete zein den mamia; alegia, euskara sustatzea, eta ez bezero fidelak saritzea.
Bestela, kanpaina sendoagoa asmatu beharko dugu, kanpoko azala gogorragoa duena. Funtsean, xedea ez baita gure fruta edonork ukitzea, ahalik eta jende gehienak dastatzea baizik. Proposamenik? Guk geuk intxaurrak ditugu gustuko.