Euskara lorean

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2015ko mar. 17a, 13:03

Zuhaitz bat dugu etxe-aurrean. Zut. Irmo. Baina, soildua. Negu hotz eta ilunak halaxe utzi du, eta zuhaitza barik, enbor iharra dirudi. Zut. Irmo. Baina, elkor.

Lehengoan, hurreratu egin ginen, ezer egiterik badugun ikusteko, eta bizpahiru kima azaleratzen dituela ikusi genuen. A ze poza! Apurka-apurka, gure zuhaitza loratzen ari da.

Gure inguruan ere ernatzen dabiltza euskararen aldeko mugimenduak. Berrizen, esaterako, Beinke euskara taldea sortu da, eta lehenengo ekintza legez, plan ezin hobea antolatu dute: sagardotegira irteera, martxoaren 21ean. Gainera, bideo barregarria egin dute ekintza iragartzeko.

Elorrion, berriz, Ebalixu euskara-taldeak Zelan bizi dogu euskeria Elorrixoko gaztiok? dokumentala prestatu du, gazteek euskararekiko duten harremanaz hausnartzeko. Martxoaren 28an eskainiko dute, Arriolan.

Azkenik, Zaldibarren, Zaldibarren euskeraz bideoa egin dute, Judit Fernandezen zuzendaritzapean. Bideo horretan, ehunka herritarrek parte hartu dute, Korrikari ondo-etorria egiteko.

Negu ospela igarota, hasi dira udaberriaren zantzuak igartzen. Hortxe dago gure zuhaitza. Zut. Irmo. Eta, lorean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!