Bizipena: Naizen honetan Berbarok badu zerikusia, berak jantzi bainau

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2014ko eka. 2a, 19:19

Badira hamar urte Berbaro utzi nuela beste zeregin batzuetan murgiltzeko. 2004ko azaroaren 30a izan zen nire azken laneguna, beti izango dut gogoan. Hiru urte arinago hasi nintzen bertan.

Badira hamar urte Berbaro utzi nuela beste zeregin batzuetan murgiltzeko. 2004ko azaroaren 30a izan zen nire azken laneguna, beti izango dut gogoan. Hiru urte arinago hasi nintzen bertan.

2000. urtean ama izan nintzan lehen aldiz, lana etxetik urrun egiten nuen eta egoera berriaren aurrean etxerantz hurbiltzea erabaki nuen. Lagun bati esker aurkeztu nintzen Berbaroko lanpostu eskaintza batera eta 2001. urteko udaberrian, lanean hasteko itxura onik ez nuen arren, hasi nintzan elkartean.

Uxune

Eskuineko hanka apurtuta, igeltsuaz neukala, makulu eta guzti Pinondo etxeko eskailerak igo eta ordenagailuaren ostean jesartzen nintzen elkarteko nondik norakoak ezagutzeko asmoz, tramankulu hartan gordeta zeuden agirien bidez. Izan ere, Berbaro entzunez zer zen banekien baina ez praktikan. Ordenagailuak niretzako hainbat sekretu gordeta zituen, elkartearen izena eta izana osatzen zuten bazkideak, lankideak, ekintzak eta mila egitasmoen berri baitzituen. Eta deskubritu nuen elkartearen benetako balioa, euskararen ingurumaria saretzeko gaitasuna.

Berbarok Durangoko euskararen errealitatea ezagutzen zuen, egindako kale neurketen bidez irudi soziolinguistikoaren jabe zen eta errealitatean eragiteko sare dinamiko bat sortzeko gaitasuna izan du. Armiarma sarea ehundu du norbanakoak, elkarteak eta instituzioak bilduz eta elkarrekintza sortuz eurekin. Eta sarea ehuntzeko hamaika ekintza antolatu ditu herriko umeek, gazteek eta helduek euskara bizi, preziatu eta gozatu dezaten. Baina hori ez da izan bide erraza.

Bidean aurrera egiteko ezinbestekoa izan dira ilusioa, lana eta aurrera egiteko gogoa. Eta hori posible egin dute pertsonek. Gazte arloan ikusi ditut ehunka umeen aisialdia gogoz prestatzen ibili izandako lankide finak eta begirale gazteak, barretsuak, indartsuak eta umore onekoak. Bulegoa kolorez betetzen zutenak euren algara, material, kartel, margo eta jolasekin. Euskara arloan ezagutu ditut herriaren bizitza euskaraz jorratzeko lan isil eta ekina aurrera eraman duten profesional paregabeak. Udaletxean zein kalean askorentzat lan ikusezina dena gauzatzen, euskal ingurune bat lantzen dendariekin, zerbitzu enpresekin eta udaleko teknikariekin. Elkarteko zuzendaritzan bazkide zintzo, langile eta inplikatuekin topo egin dut. Denbora, laguntza, indarra eman eta ilusioa pizten zigutenak. Etsita geundenean laguntzen zigutenak gauzak bere tokian kokatzen edo beste modu baten ikusten. Lanaren ostean etortzen zirenak bileretara eta beti prest zeudenak esku bat botatzeko.

Ezin ditut ahaztu ere ideiak errealitate bihurtzeko gaitasuna zutenak. Berbaro bera, Eraz eta Anboto astekariak, Di-da eta Antzokia irudikatu eta aurrera eramateko gai izan ziren hainbat aurpegi bizi eta pertsona ekinak. Errealitatea lantzeko alboan egon diren bazkideak eta lagunak. Ehundutako sarearen parte guztiak.

2003. urtean Euskaldunon Egunkariaren itxieraren berri jaso nuen Berbaroko bulegoan, Beñat Gaztelurrutia eta biok geunden bulegoan. Gogoan ditut bere hitzak, “hemendik aurrera gogorrago egin beharko dugu lan.” Lana eginez egin du bidea elkarteak eta egingo du ere bere etorkizuna.

Egun, garena gauza txikiz eta handiz osatuta dago. Esperientzia txikiz eta handiz jantzita gaude. Naizen honetan Berbarok badu zerikusia, berak jantzi bainau. Eta hori eskertzeko, ez dut berba nahikorik.

 

Uxune Martinez

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!