Urte asko dira, ez dakit zenbat ere, Berbaro deitzen zen egitasmo baten berri jakin nuenetik. Telefono dei bat jaso nuen, ilusioz betetako ahots bat zegoen bestaldean, euskal literatura zabaldu eta hedatu nahi zutela esanez, ikastetxeetan batez ere, euskaraz irakurtzeko ohitura ezarri, gure liburuak irakurgai bihurtu, eta nire kolaborazioa eskatzen zuen horretarako. Izenak berak arreta piztu zidan: BERBARO. Oso polita. Gero irakurri nuen Edorta Jimenezen liburuko izenburua, ´Baleen berbaroa´, eta hara, pentsatu nuen, Bizkaia aldean tradizioa daukan izena edo izanen da BERBARO dotore hori. Eta horrela ezagutu nuen urte guzti hauetan, urtero urtero, hutsik egin gabe, hainbat ikastetxetan tertulia saioak (eta udako barnetegi eta abarrak)antolatzen aritu den elkartea. Aritzen dena. Aritzen jarraituko duena. 25 urte hauetan ez nintzen etengabe ibiliko, baina ia-ia urte gehientsuenetan jaso dut Berbaroko deia hainbat saio egiteko Haur Literatura Aretoa proiektuaren barnean, gehienbat Durangon, Zornotzan eta Lekeition izan diren ekimenetan.
Anekdota bila hasi naizen honetan, egia esan ez dut aurkitu gaizki atera den saiorik, edo gauza aldrebesik gertatu denik, behin Durangon saioaz ahaztu edo egin zen ez dakit zein ikastetxea kenduta… ordubete han egon nintzen, itxoiten, Berbarokoak ikerketa lanari ekin zioten bitartean… hori salbu, denak hain ongi egon dira antolatuak! Emailez jasotako abisu ugari, bezperan beti gogorarazten dizun Oihaneren mezua, eguna iritsi eta lekua apain-apain jarria, Oihaneren irribarrea bere tokian beti, ur botila bi beti eskura… Urtean bi unetan izaten da Berbaroko abisua: lehena azaroan, abendurako, eta bigarrena otsail aldera beharbada, martxo edo apirilerako… Abenduan jada aste bat hutsik uzten dut, nahiz beteta etortzen den hilabetea izan, Berbaroko saioei leku egiteko, sarritan Santo Tomas egun horren bueltan.
Bigarren saio andanak udaberria hartzen du jada, eta gustatzen zait Durangaldera, Lekeitiora goizean goiz joatea, egun argitsuen indarra neureganatuz… Leku on batera noala sentitzen dut Berbarok antolatutako saio batera noanean. Eta hau ez da zurikeria, baieztapen errealista bat baizik: haurrak motibatuak egoten dira, irakasleak inplikatuak, nire liburuak ikasleen eskuetan, gela garbia, eta nire bihotza pozez saltoka. Eta mirariaren egilea BERBARO da. Ohore bat izan da, eta izanen da niretzat bertan parte hartzen jarraitzea.
Pako Aristi