Bizipena: Familia txiki bat ginen

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2014ko mai. 8a, 13:01

ERAZen bizi izandakoari buruz hausnarketatxo bat egiteko eskatu didate eta “irrikaz“ begiratu dut atzera. Hain bizipen onak izan nituen!

Euskal filologia eta kazetaritza amaitu barri,  unibertsitatean aipatzen dituzten lan aukerak “ iruzur” direla sinisten hasi, eta  batera eta bestera,  curriculumak bota ostean, ERAZeko proba batzuetara aurkeztu eta horrela lortu nuen nire lehen lanpostua. BERBAROko zuzendaritzakoak izan nituen epaimahai. Berbaro eta ERAZeko bitartekari lanak “ Txapelek” egiten zituen. Oraindik be Txapelek berak jarritako etiketa daukagu “ ERAZeko neskak”.  Beraz, lan merkatuan “ modu xumean”  sartzeko aukera izan nuen ERAZi esker, eta gainera, harrezkero izan ez dudan  lan-talde zoragarri bat ondoan. 

Gaur egun lagun ditudan Jose Inazio Arrizabalaga eta gero Izaskun Ellakuriaga izan nituen arduradun nagusi baina han ez zegoen “organigramarik”. Danok danetarik eta hori oso aberasgarria zen; herri batetik bestera norbere grabagailu eta argazki kamararekin,  azken orduko albiste hutsuneak zeozelan bete behar,  hain arrakastatsuak ziren botepronto, argazki zahar eta  bikote argazkien baimenak eta informazioa bilatu behar… Eta hor zegoen Segun, bere irudimen eta goxotasunarekin, ingurukoak kutsatzen. 

Familia txiki bat ginen. Asterokoa egiteko mila komeria pasa genituen; batean argazkia falta, bestean “maketatzeko” ordanagailua izorratu, argia joan, lokalean “hotz” eta itoginak...eskerrak goiz erdian Berbaro tabernako “kamareroek” jarritako kafe goxoari! Proiektu berean sinisten genuen;  orduak sartu,  diru iturriak lortzeko ekimen ezbardinak antolatu ( publizitate iturri ezbardinak, festetako txosnak, errifak…) eta  ez zen umorerik falta! Durangaldeko beste komunikabideetako kazetariekin  be primeran konpontzen ginen eta alderdi guztietako zinegotzi eta alkateek  be harrera ona egiten ziguten. Zenbat aldiz, osoko bilkura baten ostean  elkarrekin poteatzen genuen! Tartean terapia afariak be egiten genituen Berbaroko txokoan.

Sasoi hartan batu ginenok, argi geneukan “euskara hutsean” egindako astekaria nahi genuela, politikatik haratago eta filosofía horrek zenbait “disgustu” be ekarri zizkigun. Aurrera egin genuen, ametsak astero-astero errealitate bihurtuz. Eta zorionez, gure ERAZek  etorkizun oparoa izan du, ANBOTO daukagu eta orduko baldintzak hobetu dira.   Hala ere,  365 EGUN kanpainarekin bat eginez,  jarrai dezagun euskaraz hazi, hezi, idatzi, kantatu, informatu, gozatu, lan eta festa eginez… Durangaldean euskaraz bizi nahi dugulako!

Maite Gerenabarrena

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!