Euskaraz sexua eskas? (lV)

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2014ko api. 8a, 10:54

Andrea eta jauna, parekoak?

Aurreko ataleko hariari tiraka jarraituko dugu, jaun eta andre tratamenduak aipatu ditugulako. Azken horrek badu eragozpenik. Izan ere, Harluxet hiztegiaren arabera, andre berbaren lehenengo definizioa honako hau da: Emakume itzaltsua, jaunaren emaztea. Gero datoz beste definizio hauek: 2. Santei zenbaitetan ematen zaien trataera. 3. Emakumea, bereziki ezkondua. 4. Emaztea.

Jauna hitzak, berriz, honako definizio hauek ditu: 1. Gizona, eta bereziki gizarteko behe-mailakoa ez dena. 2. Gizarte feudalean, lurralde, herri edo pertsonei buruz esku edo aginpidea zuen pertsona, egitura feudaleko jabea; delako gizartean goi-mailako gizonei ematen zitzaien ohorezko titulua. 3. Zerbaiti edo norbaiti buruz erabateko eskua duena. 4. Zeinahi gizonezkoren izenaren eta bereziki hainbat kargu edo bizibide itzaltsuren izenaren ondoan (Iparraldean aurrean) erabiltzen den gizalegezko hitza. 5. (maiusk.) Jainkoa.
Ikusten denez, jaunaren definizio guztiek dute halako pisu bat; baina andreren kasuan, definizioek pisua beharrean zama dute. Zama astuna.

Hortaz, termino horiek parekotzat hartzen ditugun arren, definizioek bestelakoa erakusten dute. Badirudi andrea izateko jaun baten emaztea izan behar duzula, edo santua, edota emakume ezkondua. Emakume batek ezin al du andrea izan, jaun edo Jaun baten graziarik gabe?

Egia da erabiltzen ditugunean gehienok ez dakizkigula hitzen definizioak, baina kontua larria da: kortesiako tratamenduan ere, gizonak ur handiko arrainak eta emakumeak putzuko zapaburuak. Hori konpontzeko, bi aukera daude: edo hitzak aldatzen ditugu, edo definizioak aldatzen ditugu. Bien bitartean, emakumeok gizon edo senar baten zama izango dugu, orkatilan dingilizka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!