Emakumea, pertsona + emakumea
Erreparatu Eusko Jaurlaritzako webgune batetik ateratako titular honi: «35 urtetik gorako pertsonak eta emakumeak dira Getxoko KZgunean erabiltzaile ohikoenak». Bi multzo desberdin: alde batetik, pertsonak; eta bestetik, emakumeak. Zer esan gura du, emakumeak ez direla pertsonak? Ez, ondo ulertzen da zer esan nahi den; alegia, 35 urtetik gorako pertsonak eta, batez ere, emakumeak direla erabiltzaile ohikoenak. Baina dena batera jarri behar izateak sortzen du katramila.
Kontu egiten badiogu, emakumea ez da pertsona bakarrik. Emakumea, pertsona + emakumea da. Azpimarratu egiten da, normalean, izen generikoak gizonekin lotzen ditugulako.
Jarraian, ariketatxo bat egingo dugu, bakoitzak gogoan zer duen jakiteko. Euskaratu honako esaldi hau:
- Las enfermeras reivindican su papel en la sanidad pública.
Orain, itzuli beste hau:
- Dos juezas del Tribunal Constitucional critican a sus compañeros.
Zelan egin duzu? Ziurrenik, lehenengoan ez duzu zalantzarik izan, erizainak jarri duzu, besterik gabe. Baina bigarrenean, epaileak soilik jarri duzu ala generoa markatu duzu? Markatu beharra sentitu duzu? Hor dago koska! Arazoa ez da hizkuntzarena, arazoa hiztunona da.