Euskaraz sexua eskas? (l)

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2014ko api. 3a, 12:51

Izenburua irakurtzean sexuari buruzko artikulua irakurtzekotan zinela uste izan baduzu, zoritxarrekoa zu, irakurle. Gure amuan jauzi zara, eta agerian utzi duzu ez dagoela sexua baino gauza hoberik jakingura pizteko.

Baina, aizu, irakurle, zer uste zenuen esango genuela Berbarotarrok sexuaren inguruan? Narrutan egitea osasungarria dela? Sarritan egin behar dugula? Postura hau beste hori baino hobea dela? Argi dago guk ez daukagula horren inguruan zeresanik. Bakoitzak egin dezala nahi duena. Edo ahal duena, euskaldunok larrua gutxitan jotzen dugulako uste (ustel?) horri jaramon eginez gero.

Ez, irakurle. Artikulu honetan beste uste (ez hain ustel?) baten inguruan jardungo dugu: hizkera sexistaren inguruan, hain zuzen. Horren ildotik, beti entzun izan dugu euskara ez dela sexista, genero gramatikalik (gaztelaniazko el niño/la niña eta frantseseko le garçon/la fille, esaterako) ez duela argudiatuta. Baina egia da? Gu ez gara kontu horretan adituak, eta horregatik ez dugu baieztapen irmorik egingo. Horren ordez, galdera batzuk proposatuko ditugu, hausnarketa bultzatzeko.

Hizkuntza ez da sexista, erabilera da sexista?

Hizkuntza, berez, ez omen da sexista; erabilera da sexista. Horraino ados. Baina, hizkuntza, bere horretan, ez da ezer. Hiztunok egiten dugu hizkuntza. Hiztunon eta komunitatearen isla da hizkuntza. Une horretako errealitatea erakusten du hizkuntzak. Horrenbestez, sexista izango da, komunitatea sexista bada.

Has gaitezen adibide xume batekin: etxekoandre berba. Hiztegiak honako hau dio: Etxea zuzentzen duen emakumea, gehienetan familiako ama. Goazen etxekogizon terminoa bilatzera… Ez da agertzen. Ea etxeko gizon badagoen, bereiz idatzita... Ezta ere. Ez al dago etxea zuzentzen duen gizonik? Bai, noski. Egon badaude, eta aspalditik, gainera. Hala ere, hiztegiak oraindik ez du gizon horiek izendatzeko terminorik.

Goazen txanponaren ifrentzua ikustera: txiokatu terminoa. Twitter sortu zela hamarkada bat pasa ez bada ere, aditz hori hiztegian ageri da. Antza denez, norbaitek erabaki du berba hori errealitatearen isla dela, eta hiztegian jaso behar dela. Aldiz, etxeko gizonik ez du euskarak. Gabezia hori errealitatearen isla da ala errealitatea begien araberakoa da?

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!