Euskaraz D esaten da

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2014ko ots. 4a, 10:16

Zer da D eredua? Zenbat galdera egiten dizkiogun geure buruari seme-alaba eskolaratzeko ordua iristen denean. Batzuetan larregi. Eta erantzunak hamaika. Erantzunak erantzun, kontua da euskaldun izan eta sentitzen denak ez duela zalantza askorik, “naizelako eta izatea nahi dudalako”, haren erantzuna, berez irtendakoa.


Ez dugu daturik emango, erraz topatu baitaitezke. Baina bai aipatuko dugu bat, kalitatea, D ereduan dabiltzan ikasleek lortzen baitituzte emaitzarik onenak. Gainera, D ereduak bermatzen du ume eta gazteak hizkuntza biak ikas ditzaten. Esan daiteke, gaur egun EAEn ez dagoela arazorik umeak D ereduan matrikulatzeko, izan ere, nabarmen gora egin du hautu hori egiten duen gurasoen kopuruak. Sarri, “behintzat izan dezala nik izan ez dudan aukera” aitzakiapean ez bada ere. Ondo etorriak denak! Animo!, horren ostean beste hamaika pausu eta erabaki hartu beharko ditugu-eta. 


Bestalde, lotsagarria da Nafarroan gertatzen ari dena. Badirudi, azken boladan, erreinuko gobernariek D eredua jarri dutela jomugan gaitz endemiko bilakatu duten euskarak kutsa ez gaitzan. Ikaragarria! Kultura zapaltzaile baten erakustaldi argia Nafarroako gobernuarena. Hala ere guztiz ere, D ereduak, euskarak goranzko joera nabaria du azken urteotan. Eutsi!  


Iparraldeko euskara eta ikastolen egoera askoz larriagoa da. Proiektu berriak eraikitzea debekatzeraino iritsi da Frantziako gobernua. Euskararen gorakada non, han ageria da La France, bere liberté, égalité, fraternité, leloarekin.
Aupada bat bidaltzen dizuegu Berbaro elkartetik.

Zalantzarik ez izan, matrikulatu seme-alaba D ereduan!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!