OREKARIAK ESPAZIOAN

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2019ko abu. 16a, 10:48

Erderetara jotzea ohikoa bilakatu den sasoi honetan, alderantzizko bidea aukeratu du Mocker´s hirukote durangarrak Oreka Ahula gorpuzteko. Izan ere, euskara hutsean idatzi dute hirugarren lan hau. 

Berri ona, eta ez lan mamitsu honek dakarren bakarra. Trinkoa da, oso, Oreka Ahula. Asier Eliasek erritmo sorta ikaragarria dakar, Jon Garciak baxu lerro bikainekin primeran ezkontzen dituenak. Horien gainetik Ritxi Blancoren gitarra doinuak; izarren artean bidaiatzen laguntzen dutenak zenbaitetan, zama apurtzeko moduko riff zorrotzak beste batzuetan. Azpimarratzekoa, baita ere, Garciak ahotsetan eginiko lana.

El Palmarreko (Espainia) Trafalgar estudioetan grabatua, hara daramate entzulea lehen abestiko gitar doinu freskoek. Ostean, indartsu dator Beats of Freedom lanaren jarraipen naturala izan zitekeen ‘Taurus’. Aurreko lanean igurtzitako psikodeliari edota progresiboari eutsi, eta hiru ordu laurdeneko bidaia espaziala proposatzen du lan berriak. Single lez aurkezturiko ‘Érebo’ da horren adibidea: Ezohiko erritmoa(k), melodia eta indarra batuz desertutik zein espaziotik igarotzen den bost minutu baino gehiagoko abesti borobila. Izorratu dadila irrati-formula!

Funtsean, rocka dakar Oreka Ahulak, baina hainbat galbahetik pasata: abesti berean 70eko hamarkadako doinuetatik  zein post rockaren ukitu modernoetatik edan dezake (‘Marte, ‘Libra’, ‘Pangea’...), edo Bidasoari ere egin diezaioke keinu (‘Chrono’), Mocker´s izateari utzi gabe (‘Pegaso’). Bidaia musikala ez ezik, barne bidaia ere proposatzen da diskoan, berbekin hausnarketarako hainbat gai plazaratuz. 

Handia egin du hirukoteak hain disko landua, heldua, eta zergatik ez, anbizio handikoa kaleratuz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!