Mesanotxean Kim Gordonen (Sonic Youth) autobiografia eduki dut azkeneko asteetan. Kiloka-drogatu-eta-milaka-emakumerekin-oheratu-naiz rock izarren biografia klasikotik aldentzeak egin dit erakargarri liburua, batez ere. Bitxia iruditu zait, adibidez, amatasunaren eta nazioarteko biren uztartzeaz irakurtzea. Halaber, kritikarako tartea ere hartzen du musikariak; jomugan jartzen ditu berdintasunaren alde daudela esan, baina aldi berean feminismoaren borroka zaharkitua edo garaiz kanpo dagoela dioten artista gazteak. “Ez dakite feminismoa zer den ere”.
Lanak Del Rey abeslaria kokatzen du korronte horren baitan, besteak beste, eta azken aldian Lust For Life diskoa sarritan entzun dudanez gaian sakondu dut. Sarean, Anaïs Siscar i Carrió kazetariak idatzitako artikulu bat topatu dut (Ultraviolencia es ignorarlo, Pikara Magazine, 2014/07/07), eta bertan ere presente dago Del Rey. Boladakoa iruditu zait, hiru urte eduki arren. Abestien hitzek nerabeengan duten eragina aztertzen du, besteak beste.
Artikulua irakurri, eta Sanfaustoetan entzundakoa (salbuespenak salbuespen) gogoratzeak ajea gogortu dit segituan. Azken urteetan, “Jendeak entzun nahi duena da” leloa milaka aldiz errepikatu didate mainstream toxikoenaren defentsan. Eta paso egiten dugun bitartean, sistemaren mezu estereotipatu horiek milaka garunetan errepikatzen ari dira. Hori (ere), ultrabiolentzia da.