Irudi bila interneten saltseatzen nenbilela, F. Muguruza Altsasun (boladan, hau ere) emanaldia eskaintzekoa zela irakurri dut. Oraindik gogoan dut Negu Gorriaken azken kontzertura eramateko aitari eman nion matraka.
Efemeride hura gogoratzeko, Borreroak Baditu Milaka Aurpegi pintxatu dut. Abestiak igaro ahala ezkortasunak irentsi nau, baina. Nola balio dezakete 1993an, gatazkaren gordinean, idatzitako hitz batzuek egungo testuingurua deskribatzeko?
Bi doberman beltz, bilatzen eta suntsitzen. Hara, ze kasualitatea, hauek lehen aipatu ditut.
Nik ere nahi dut bozkatu gure hurrengo borreroa, eroa. Azkeneko hauteskundeetan erorik ez, baina aginte makila abade koadrila baten esku uztea erabaki zen gurean. Antzera gabiltza, hala ere.
Erori, erori, erori behin eta berriz. Eusko Jaurlaritza “legezko eta adostutako bide bat ahalbidetzen” saiatuko ei da. Nola hitzartu zerbait, berbarik egin nahi ez duen solaskidearekin?
Itxoiten. Gernikako Estatutuan adosturiko 34 eskuduntza zor dizkio Jaurlaritzari Espainiako Gobernuak. Eskumen horiek legegintzaldi honetan eskualdatzeko aukerarekin “itxaropentsu” agertu zen Lehendakaria uztail amaieran.
1979tik. Itxoiten. Itxoiten. Itxoiten. Noiz arte?