Barreak, atariko ikutuak, xuxurlak, eta azkenik, etxeko txoko guztiak margozten zituzten leherketak.
Gaurko gau epelean, ilargi urdina begira dugu.
Periferian gaude, zirkuluan eserita, suaren bueltan. Zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi... berdin dio. Tortxa bana iziotu, eta abesteari ekin diogu. “Ez nau izutzen negu hurbilak, uda betezko beroan...”. Harrigarria da kantatzeak duen indarra, zenbat batzen gaituen. Ozen eta soinubakarrean gabiltza, eta beti hunkitu nau horrek.
Taldeari begiratzen diot, eta gutako bakoitzak Picassoren artelan bat dirudi. “Ez nau iluntzen baratzetikan azken loreak biltzeak...”. Nire gorputzak ingurukoena igurzten du, eta alderantziz. “...muga guztien arrazoi bila arnas gabe ibiltzeak...”. Norbanakoaren ahotsa, albokoarenarekin batzen da; zuzenean doa eztarrietatik bihotzetara. “...arratsaldeko argi betera zentzu denak umiltzeak...”. Garrak lakoak gara, gorputzik gabe, arima baino ez. “...amets beteko loa baitakar behin betirako hiltzeak”.
Zilarra ageri zaio ilargiari.
Parean dut bera, eta ilargiari begiratzeko duen moduagatik, badakit: bere amets guztiak egiazko bilakatuko dira.