(((((Larrugorritzea)))))

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2017ko api. 28a, 08:30

Asko entzun da egunotan Record Store Day-ko biniloez. Gure belaunaldian, baina, K7rekin murgildu ginen musikan. Eskolako atsedenaldietan, ikasgelan geratzen ginen zintak behin eta berriz entzuten (ze frikiak gu!). Gure eskuetan erortzen zen edozer entzuten genuen: Etsaiak, Fear Factory, Nailbomb... 

Xabierrek anaia punkiaren kasete bat ekarri zuen behin: Corazon Del Saporen Fuego al cielo de los cuervos.

Flipatu egin (ge)nuen. Baita ikasi ere. Zenbat lan poesiaz jantzitako hitzak ulertzeko (zenbat galdera buruan, eta gu internetik gabe!). Dotore asko erakutsi zidaten non-zer-nor ziren Srebrenica, 1984, Ynestrillas aita-semeak, Kristal Hautsien Gaua, Celia Cruz... ez nekien aragoiera existitzen zenik ere!

Eta flipatu egin nuen martxoan, 17 urteko etenaren ostean, kontzertu sorta eskainiko dutela irakurtzean; irabazi ekonomikoak, Zaragozako Ongi Etorri Errefuxiatuarentzat izango dira, gainera. Salbuespena diru-gosea darien itzulerak bogan dauden garaiotan.

Emoziotik idatzi ditut lerrook. Apoen bihotzak legez, nireak ere taupaka egiten duelako. Ez dut gustuko efemeridez efemeride jauzika ibiltzea nostalgiaren morroi legez; urteen buruan, baina, sarrerak lortzeko Unaik bi orduko ilara egin zuela gogoratuko dut; oroituko ditut Putzuzulon jauziko diren oihu eta saltoak. Eta barre egingo dut.

Belaunaldi galdua garela diote, ametsik ez dugula, existitzera mugatzen garela.

Nik hegan egin nahi nuen, baina orain negarrez nabil txoko honetatik. Halere, ez naiz egote hutsarekin konformatuko, emankizuna noiz bukatuko zain. Zer egin diguzue?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!