Lurruna nonahi, imajinaziorako ezer uzten ez duten toalla txikitxoak, gorputz gihartsu eta tatuatuak, handiagoa nork duen aztertzen duten begirada klandestinoak, testosteronaz beteriko elkarrizketak... Imajinatzen, ezta? Pelikuletan bezala.
Bi gazte ozen mintzo dira testuinguru honetan. Hemeretzi urte izango dituzte, askoz jota. Bideo-jokoei buruz lehendabizi, ostean, bezperako partiduren bati buruz ere jardun dira. Klaseko kontuei ekin diote gero. Jende serioa da han hitz egiten dabilena, dudarik gabe, unibertsitatera doan horretakoa. Horietako batek neska-laguna ere badu (besteak ez du ezer aipatu, lotsaz beharbada).
Halako batean, asaldatu egin da bat, amari gertatutakoaz oroitu eta kideari kontatzerakoan.
“- Kontatu nizun aurrekoan ama jazarri zutela? Matienarako tunela igarotzerakoan”. “- Ez da egia izango!”, “- Bai, tunela igarotzen ari zela, bisera zuen batek dei egin eta korrika hasi behar izan zuen amak”. “- Fijo etorkina zela!”. “- Ziur. Lekua ere nahiko iluna da, halere”. Segundo bateko isilunearen ostean, lagunak:“- Egia esateko, zure ama txortan egiteko modukoa da” bota dio txantxetan. Ongi jasan du kolpea mintzakideak, zer esan jakin gabe geratu da, baina. “-…”. Gora etorri da, hasiera batean behintzat, emakume baten aurkako erasoarekin harritu dena. “Bai, ederra dago”, berriz, dudaren bat balego, eta “-Tunel p…ak” bat gehitu dio, laguna ez haserratzeko, edo.
Arazoa tunelak bakarrik balira, gaitzerdi.