Ukiezinak

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2017ko ots. 17a, 08:30

Egunak daramatzat Estefania Beltran de Heredia sailburuaren adierazpenekin bueltaka: “Ertzaintza ez dute inoiz kondenatu”.

Puri-purian dago gaia Sortuk hainbat hiritako ertzain etxeetan torturaren aurkako mobilizazioak egiteko deia egin zuenetik. 1981ean Joxe Arregi zizurkildarra bederatzi egunetako torturen ondorioz hil zenetik, otsailaren 13a torturaren aurkako eguna da hemen. Euskal Memoria fundazioak azken hamarkadetan eman diren 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu; horietako 407 Ertzaintzaren esku izan zirela aipatzen du azkeneko txostenean.

Eta arrazoia eman behar diot Segurtasun sailburuari. Epaitegiek ez dute inoiz kondenatu Ertzaintza. Ez Lasa eta Zabalaren senideak Tolosako hilerrian jipoitzeagatik; ez atxilotuak (Durangaldekoak, tartean) Arkautin txikitzeagatik; ezta pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas Athleticeko zalea hiltzeagatik ere. Hiru adibide, horrela, boteprontoan.

Autokritika, noski, besteek egin behar izaten dute beti.  

Mario Fernandez ere ez da kokildu epailearen aurrean bereak defendatzerakoan. “Arrazoizkoa iruditu zitzaidan terrorismoaren kontrako borrokan lehenengo lerroan aritutako pertsona bati laguntzea”. Kakux elizgizonaren aurkako salaketa artxibatu egin dute, baita, aste honetan. Punta aterako nieke gai hauei ere, baina 1.500 karakterek ez dute gehiagorako ematen.

Anestesiak argi dio mundua mailakatua dagoela. “Koroadun sinbolo sakratuak, fedea saltzen duzuen beleak, indar armatuen buru hiltzaileak”. Beraiek dira ukiezinak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!