Trena

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2016ko abe. 16a, 08:40

Armairu gainean ezkutatuta dagoela jakitun, aulkiz eginiko mendia nola eraiki ari da pentsatzen haurra. ‘Nola gainditu gurasoen tranpa zitala?’. Zauria itxi ostean, txokolatezko arrastoak garbitu dizkio aurpegitik erizainak. Aita ez da gai izan errietarik egiteko.

‘Zergatik?’ itauntzen dio bere buruari ogibidez tabernaria den lizentziatuak. Enegarren masterrean izena emateko gurasoei dirua eskatzea pentsatzen ari da, bere arazoen konponbidea hortik ez dela etorriko badakien arren. Pentsatzen eman du gau osoa.

Lagan, izarpean larrua jotzen ari den bikotea ez dabil ezertan pentsatzen. Arnasestuen osteko solasaldian, berriz, hontaz eta hartaz aritu dira. Eta horrela, besarkatuta harrapatu ditu egunsentiak.

‘Gaurkoan ez da nire txanda izan’ pentsatu du medikuaren agindua desafiatuz anisari azken zurrutada eman dion amonak. Hileta ondoren, etxera hurbildu den alabari muxua eman dio.

Umeak heldu izatera jolasten diren bitartean, jolastea noiz ahaztu zuten gogoratzeko gai ez diren adindunak daude; duten diruarekin zer egin ez dakitenak ere badaude, baita ere zer egin jakin bai, baina hori egiteko sosik ez dutenak. Duda bakoitza bidegurutze bat da, hau da, aukera bat, edo burukomin bat. Perfekzioa ez da existitzen, baina bai arrazoiak, motibazioa. Egin ala ez, zirt edo zart. Trena azkar doa, azkarregi, eta ez dakizu noiz izango den hurrengo geltokia.

Imajinatzeko gai den unibertsoan bizi da norbera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!